XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Landutako lurretan barrena

AURREAK erakusten omen du nola dantzatu atzea eta, australiar literaturan ere, antzekoa gertatzen da.

Ingelesez idatziriko literaturaren ildotik eta nahi baino astiroago bada ere, esan dugun bezala, hizkuntza aborigeneetako lanak ari dira egiten bere bidea.

Australian egiten eta ingelesez idazten den gaur egungo literaturak ere bere lurrak landuta ditu jadanik.

Ez dabil itsumustuan eta bidea egin ezinik.

Aipatutako Carey, Keneally, Malouf eta Witton besteen artean gaur egungo idazle ezagunak dira, baina hauen aurretik, duela zenbait urte arte zenbait idazlek eredua ezarri dute.

Nancy Cato, Helen Garner eta Frank Moorhouse dira hauen artean aipagarrienak.

Nancy Cato 1917an jaioa baldin bada ere, 50eko belaunaldiko idazleen artean da ezaguna eta bere eleberri historikoek zein poema liburuek australiar kontzientzia literarioaren sorreran ageriko garrantzia izan dute.

Helen Garner gazteagoa da, 1944an sortua, Melbournen.

Emakume hau ezaguna baldin bada australiar literaturan, eleberrigile klasikoa eta sakona izateaz gainera bere aurretik hain sakon eta oparo australian inork landu ez zuen gai bat jorratzeagatik da: bikotea.

Bere eleberriek, ondorengo idazle askori, jarraitu beharreko bidea irakatsi diete.

Frank Moorhousek, aldiz, eremu asko landu ditu australiar literaturan eta bertako kazetaritzan, eleberrigintzan eta zineman aitzindarietakoa izan da.

1938an jaiotako idazle eta kazetari honek azken bi hamarkadetan lan ezagunak argitaratu eta literatura zein kazetaritza oinarri izan dituzten eztabaida ugari sortu ditu.

Idazkera zuzen eta modernoa erabiliz idazteko bide berria landu zuen bere garaian.